ETAri elkarrizketa Martxelo Otamendi eta Mertxe Aizpuruarekin, EGUNKARIA eta GARAko zuzendariak.
      Euskarazko bertsioa, EGUNKARIAN agertzen zen 2001ko ekainaren 7a.


      ELKARRIZKETA

      GALDERA: Maiatzaren 13ko hauteskundeetan Ibarretxeren garaipen handia gertatu da, inork espero ez zuen neurrian.

      ERANTZUNA: PP eta PSOEk ‘Estatutuaren’ eta Espainiaren arteko hautua balira bezala planteatu zituzten hauteskundeak. EAJk lortu du, berriro ere, planteatzea hauteskundeak ‘Euskadi-Espainia’ erreferenduma balira bezala. Eta horrela ulertu dute herritarrek. Ezker abertzaleak soberanismoa/autonomismoa bitasuna planteatu duen arren, ezker abertzalekoak ziren botoak bereganatu dituzte, Espainiaren aurrean Euskal Herria defenditzeko beharra gaizki ulerturik. Boz abertzalea inoiz ez bezala mobilizatu da, abstentzio abertzalea ere bazegoela erakutsiz.

      Urte askotan aurreneko aldiz, maiatzaren 13ko emaitzek EAJri eta EAri beste aukera bat eman diete, eskuak beste indarren menpe izan gabe marko autonomiko horretan nahi dutena egiteko. Marko autonomikoa gaindituz Euskal Herria burujabetzara eramateko aukera ere, ardura handia bereganatu dute emaitza horiekin.

      GALDERA: EHren jaitsiera handia izan da, inork espero ez zuen neurrikoa. Ezker abertzaleak ‘giltza’ galdu du Gasteizko parlamentuan.

      ERANTZUNA: Estatuak eta alderdi politiko guztiek EHren bozen jaistea bilatu eta lortu dute. Erreferendum birtual horretan, ezker abertzalearen oinarri sozialaren zati batek uste izan du orain, Espainiaren ofentsibaren aurrean, oraingo markoa defenditu behar zela, eta horri eusteko modurik onena Ibarretxeri botoa ematea zela. Beldurrak eta ahuldadeak eragindako boza izan da.

      Eta duintasuna eta EAJrekiko urteetan izan duten aurreiritzia alde batera utzita, urteetan EAJk herri honi euskararen alorrean, hezkuntzarenean, Euskal Herria ez garatzeko ahaleginean eta abar egin dionaren gainetik, ‘dagoena’ defenditzera jo du. Ezker abertzaleak eskaintzen zuen ‘egin behar denaren’ aldeko apustua egin beharrean.

      Emaitza horiekin, ezker abertzaleak marko autonomikoa subiranotasun marko batera eramateko giltza autonomikoa galdu du. Hiru urtez landutako saio baten porrota izan da. Ezker abertzaleko askok, giltza hori ezker abertzaleari eman beharrean, EAJri zuzenean eman diote. Baina Euskal Herriaren independentzia lortzeko prozesu demokratikoaren giltza ezker abertzaleak du, lehen bezalaxe, besterekin partekatzeko prest.

      GALDERA: Zuen ustez, ETAren borroka armatuak du EHren jaitsieraren errua?

      ERANTZUNA: Hauteskunde horiek ez dira izan borroka armatuaren gaineko erreferenduma. Errua izatekotan, beren boza EHtik EAJ-EAra eraman dutenena da. Borroka armatuak badu eragina noski, onerako batzuetan eta txarrerako besteetan.

      Adibidez, abertzaleen bozen kopurua indartzeko ona izan da. Tamalez, ez dugu jakin izan indartze hori ezker abertzalean biltzen. EHko bozak EAJ-EAra joatea ekarri dutenak nagusiki beldurra, baina bai eta ere ezker abertzalearen egiturek eta herri antolakundeek jasaten duten errepresioa izan dira. Estatu espainiarrak ez du atsedenik hartzen ezker abertzalearen aurka, eta lan handia egiten du jendea ezker abertzaletik uxatzeko, ezker abertzalearen oinarri soziala beldurtuz, inguru horretan ibiltzeak eduki ditzakeen ondorio errepresibo eta politikoengatik. Zer emaitza izango zituzkeen EAJk hauteskunde horietan, baldin eta aurretik EBB osoa kartzelara sartu balute, EGIko bozeramaile eta kide esanguratsuak espetxeratu, EITB eta ‘Deia’ itxi...?

      GALDERA: Zer aukera zabaltzen zaizkio EAJri? Zer espero duzue EAJ-EAtik, 33 parlamentari dituztela?

      ERANTZUNA: 600.000 boz abertzale dituzte kudeatzeko, gobernua osatzeko orduan inorekiko morrontzarik gabe. Aukera bat indar hori markoa aldatzeko lanean jartzea da. Onuragarria litzateke horrela gertatzea. Bigarren aukera autonomismoa indartzen jarraitzea da, indar abertzaleak alferrik galtzen utziz, ezker abertzalearen aurkako errepresio estrategia babestuz edo botilero lana eginez, kolpeak non eman aholkatuz. Marko autonomikoak ez ditu konpontzen Euskal Herriko arazoak, gatazka luzatu eta irtenbide politikoari ateak ixten dizkio, baina EAJrentzat badu ibilbide luzea bere horretan jarraitzeko, orain arte egin duen bezala. Abertzaleek bihotz zabaltasunez defendatu dute marko autonomikoa Espainiaren atzaparretatik. Orain ikusi behar da bihotz zabaltasun autonomiko hori Euskal Herria eraikitzeko orduan zekenkeria bihurtzen ote den. EAJren asmoa bigarren aukeraren aldekoa delakoan gaude, nahiz eta ahalik eta modu mozorrotuenean egiten saiatuko den.

      GALDERA: PP-PSOE ituna arriskuan ikusten al duzue EAJ eta PSOE hurbiltzen badira?

      ERANTZUNA: Euskal Herriaren eta Espainiaren arteko konfrontazioa garbi marraztuta dago. ETAren borroka armatuak berriro ere mozorroa kentzera behartu du Estatua, eta ezker abertzalearen lanak eraman zituen indar autonomistak markoa agortuta zegoela esatera. 1998a arte EAJk Estatuarekin batera jokatu zuen. Orduan atera zen EAJ Estatu-akordiotik. Kontua ez da PSOE edo PSE-EE Estatutik urrunduko ote den, PSOE estatua da, ez da hortik aterako; kontua da EAJk Estatu-akordio horretara itzuliko ote den sozialisten eskutik. Itzuliko balitz, EAJk eramango lukeen dotea bahitu berri dituen boz abertzale horiek lirateke. PSOE Lizarra-Garaziren garaian mugitu izan balitz, demokrata aurrerakoi guztiak biltzen zituen akordio horretara hurbilduz, pentsa zitekeen PSOEren izaeran aldaketarik bazegoela. Baina ez zuten ezer egin.

      GALDERA: Emaitzek EHren jarduera politikoa alda dezaketela uste duzue?

      ERANTZUNA: Ezker abertzaleak kanpoko exijientzien aurrean kikildu gabe egin behar du barne-hausnarketa; hauteskundeen emaitzak aztertu, bereak eta besteenak. Ikuspegi luzeagoko gogoeta da egin beharrekoa. Prozesuaren zein puntutan gauden, nola iritsi garen honaino, garaipenerako baldintzak eskura zeuden unean zerk egin duen huts ikusteko, gaur egungo gizartean nola txertatzen den bere eskaintza politikoa, eskaintza hori ulertzen ote den, helburuei eta borrokari atxikiz nola fintzen duen bere lan politikoa, prozesua nola jarraitu... Gogoeta egin behar da, baina lanari utzi gabe.

      Gaurko jokaleku politikoa ezker abertzaleak proposatu eta landutakoa da. Euskal Herri osoko gizartearen kezkei erantzuteko egituraketan aurrera egiten ari da, Euskal Herriak eskubide demokratikoak dituela ukaezin bihurtu du, horien alde lan egiteko gizarte indarrak biltzea lortu du. Hori eta gehiago da irabazia. Ibarretxeren ‘programa politikoan’ ere izan zuen isla argia, ezker abertzaleak beti defenditu dituen kontzeptuak beretzat hartu, sinplifikatu eta guztiz desitxuratu ditu: giza eskubide bakarraren errespetua exijitzen du Ibarretxek; elkarrizketa batzuen artean bakarrik egitearen alde dago; eta Euskal Herriaren zati baten hitzak eta etorkizunak baino ez dio ardura… Ezker abertzaleak borrokari esker aldatu dugun jokaleku horretan aritu behar du, umilki baina konplexurik gabe, bere proiektu politikoak Euskal Herriari independentzia eta sozialismoa ekarriko dion konfiantzan.

      GALDERA: Buruzagi jeltzale batek esan berri du ETAk oso digestio txarra egin duela maiatzaren 13an EHk izan duen porrotarekin, hauteskundeen ondorengo atentatuengatik...

      ERANTZUNA: Emaitzak Euskal Herriaren baitan aztertzen ditugu, ez dugu espazio autonomo bat sortzen ariketa hori egiteko. Emaitza horiek hausnarketa berri baten beharra eragin dute ETAren baitan. Gure ikuspegitik, maiatzaren 13ko emaitzak mingarriak izan ziren: independentziaren aldeko bozen galera izan delako; autonomismo zatikatzailea ezker abertzaleko bozek indartu dutelako; EHk agertutako ahuldade elektoralak errepresioari bidea errazten diolako; eta EAJ harrezkero lantzen ari den bideagatik. Hauteskunde gaueko "independentzia" oihu horiek are mingarriagoak izan ziren EAJren borondaterik eza ezagutzen dugun herritarrontzat.

      Abertzaleek gehiengoa dutela ikusteak, abstentzioan boz abertzalea zegoela ikusteak eta herritarren parte-hartzeak gozatuko luke digestio hori, errealitatearen aurrean begiak itxiko bagenitu. EAJ-EAk ez baitute Euskal Herria askatzeko proposamenik, marko autonomikoan abertzaleek izandako garaipenak marko nazionala alde batera uzteko joera indartu dezakeelako. EAJ da emaitzak oraindik ondo digeritu ez dituena. Bi egunetan digeritu al ditu EAJk 600.000 boz horiek? Bi egunetan hausnartu eta erabaki al du zer egingo duen boz abertzale horiekin? Egindako lehen urratsek erakusten dutenez, betiko errezeta autonomikoa aplikatu nahi du: PP eta PSOEri eskua luzatu eta ezker abertzalea kriminalizatu.

      GALDERA: Espainian espero al daiteke aldaketarik, kontuan hartuta PPren estrategiak porrota izan duela EAEko hauteskundeetan?

      ERANTZUNA: Porrota neurri batekoa da. Espainiaren estrategia Gasteizko gobernuaren kudeaketa zuzena eskuetan hartzea besterik ez dela pentsatuz gero, bai. Hauteskundeak ‘Euskadi/Espainia’ erreferendum gisa hartuz gero, porrota izan da PPrentzat. PPk zer eskaintzen zuen? Marko autonomikoa kudeatzea Espainia barruan. Eta marko autonomikoa Espainia barruan kudeatuko ez denik ez du inork esan. Espainiaren porrota ikusteke dago, beraz. Oraingoz Estatuak lortu du EAJ Lizarra-Garazitik urruntzea; marko autonomikoan geratzea lortzen badu, garaipena izango da haientzat. Eta, gainera, ezker abertzalea ahulduz, estrategia nazionala zailtzea lortu dute.

      GALDERA: Ezker abertzalea ahultzea zen PPren helburua? Ez zen EAJ Gasteiztik botatzea?

      ERANTZUNA: Bai, helburua ezker abertzalea ahultzea zen eta da. Ezker abertzalea ahultzeak estrategia nazionala ahuldu eta marko autonomikoa indartzen du. Hauteskunde guztietan bezala, lehen helburua ezker abertzalearen aurka egitea izan da. Bigarren helburu bat ere bazuten: EAJk marko autonomikotik estrategia nazional baterantz abiatzeko keinua errotik moztea. Eta egindako mehatxua Estatuak marko autonomikoa zuzenean kudeatzea izan zen. EAJren helburua "nazionalismo erregionalista" ahalik eta gehien indartzea zen; PPrena, "alternatiba konstituzionalista espainola" ahalik eta gehien indartzea. Eta bien helburu komuna ezker abertzalea ahalik eta gehien indargabetzea izan da.

      GALDERA: Espainiako Estatuaren ofentsibak gogor segitzen du: Xaki, Haika, Zumalabe, AEK....

      ERANTZUNA: PPk eta PSOEk eskatuta eta gidatuta egiten ari da ofentsiba hori, Ibarretxeren gobernuaren txaloekin; EAJ ez dago kontra, eta EAk eta IUk ontzat ematen dute. Lehenago, euskal preso politikoen sakabanaketarekin horixe egin zuten.

      Zertarako erabiliko dituzte Ibarretxek eta EAJ-EAk lortu berri dituzten 600.000 bozak? Errepresio hori legitimatzeko, edo horri aurre egiteko? Ibarretxek Mayor Orejaren lana erraztu edo bete egingo du, udaberri honetan hartu duen kolore abertzalearen lotsarako.

      GALDERA: Eraikuntza nazionalaren lidergoa ezker abertzaleari dagokio. Horretarako, gizartean eragin behar du. Borroka armatuak kalte egiten badio gizartean eragiteko, nola eraman dezake...? Nola eduki dezake lidergoa gero eta ahulagoa den ezker abertzale batek?

      ERANTZUNA: Ezker abertzalearen ahultasuna edo indarra ez da koiunturaren arabera neurtu behar. Ezker abertzaleari bere lana egitea eragozten diotenak Euskal Herriak jasaten duen errepresioa eta Estatuek ezartzen dituzten mugak dira. Borroka armatuak Estatuetatik Euskal Herriak jasaten duen erasoari muga jartzen dio, eta, gainera, esaten die ezin dutela nahi dutena egin, badagoelako eskubideak dituen herri bat, eta eskubide horiek errespetatu egin behar direla.

      Borroka armatuak abertzaletasunari kalte egin eta PPri laguntzen ziola esan izan da orain gutxi arte. Orain borroka armatuak EAJri laguntzen diola esan beharko dute… Edo abertzaletasunari bere osotasunean, boz abertzalea aktibatu baita. Ez dugu uste horrela neurtzen denik. Ezker abertzaleak Euskal Herriaren eraikuntzan duen lidergoa nabaria da. Tamalez, nahiko bakarrik egin behar izaten du lan.

      Gai izan da autonomismoa zalantzan jartzeko, eraikuntza nazionalean aurrera egiteko. Ezker abertzaleari gizartean protagonismoa ematen diona bere lana da. Eta batzuk lan hori kamusteko erabiltzen dute borroka armatua.

      GALDERA: Lan horrek ere beharko du gizartearen onarpena… Liburu bat ez bada erosten, ez da 200.000 ale salduko balira bezala...

      ERANTZUNA: Gauza da saltzen diren liburu horiek irakurtzen diren ala ez. Ezker abertzalea gai izan zen fase luze baten ondoren indar elektorala berreskuratzeko 98-99an; zergatik? Borroka armatuagatik? Su-etenagatik? Horien eragina hor dago, baina batez ere Euskal Herriari egiten dion eskaintza politikoagatik, bere lanagatik.

      GALDERA: Zer balorazio egiten duzue Iparraldeko udal eta kantonamenduetako hauteskundeetan abertzaleek lortutako emaitzez?

      ERANTZUNA: Oso balorazio ona. Emaitza onak bildu dituzte, eta urteetan gizarte lanean aritu eta gero, abertzaletasunak hauteskundeotan erakutsi du indar politikoa dela, bere ideiak oinarrizkoak direla. Beste alderdien posizioa baldintzatzeko gai izan da abertzaletasuna, eta, aspaldian ez bezala, abertzaleek harrotasunez begiratu ditugu hauteskunde emaitzak. Gainera, ABk kantoi guztietan hautagaia aurkezten zuen indar politiko bakarra izan zen. Dena dela, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan indarrean dagoen hautes-legea, frantsesa izateaz gain, ez da batere demokratikoa, ahulenaren ordezkaritza are gehiago murrizten duelako. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan indarrean dagoen hautes-lege espainiarraren arabera, Udalbiltzan lan egiteko hautetsi abertzaleak bikoiztuko lirateke.

      GALDERA: ELA sindikatuari berriki kritika gogorrak egin dizkiozue…

      ERANTZUNA: Bai, kritikatzen dioguna da hasitako bidea justu behar gehien zegoen momentuan, 98an hasitako prozesuaren bihotzean, bertan behera uztea. ELAren erabaki hori momentu bateko utzikeria baino aurrez diseinatutako bide baten urratsa izan dela uste dugu. Zintzotasun falta nabari dugu. Ez da zintzoa puntu batera iristeko prest zaudela esan, eta gero hori ez zenuela esan nahi edo gaizki ulertu zela esatea. ELAk horretan Elkarri edo AEKren izenean mintzo den jauntto baten antz handia du, EAJren tresna balitz bezala funtzionatzen du, eta bere ohiko arduragabekeria politikora itzultzen ari da. Non egon da ELA burujabetzaren aldeko aldarrikapen hutsalekin plazaratu den arte? LABen ETArekiko ustezko menpekotasuna aitzakiatzat hartuz batasun sindikalaren haustura eszenifikatzen?

      GALDERA: Euskalgintza, irakaskuntza, kulturgintzako hainbat sektore, historikoki Euskal Herriaren eskubideei edo autodeterminazio planteamenduetan kokatzen zirenak, egungo markoari lotuta agertzen dira. Herri mugimendua ez al da gehiegi idealizatzen?

      ERANTZUNA: Guk ez dugu idealizatzen. Sektore horiek eraikuntza nazionalean aurrera egiteko zer behar dauden aztertu eta irtenbideak plazaratu beharko lituzkete. Sektore horiek diktadurapean jaio ziren, marko autonomikoak ez zien irtenbiderik eman beren beharrei; are, marko autonomikotik sektore horiei eraso egin izan diete. Gai izan dira Euskal Herriaren zatiketaren gainetik lan egiteko, zeuden aukerak baliatzeko. Gaur egun estankatuta daude. Mugimendu horietan guztietan hausnarketa sakona egin beharra dago; aspaldi egin behar zen, eta nora doazen GALDERAri erantzun. Hedabide askok, ikastolen inguruko hezkuntza sistemak, berreuskalduntze sektoreak… direnak direlakoek, bokazio publikoz sortu zirenek, biharko Euskal Herriaren zutabe publikoak izatera ailegatu daitezen, beren jatorrizko asmoa berreskuratuz jarduera eguneratzeko hausnarketa egin behar dute, gure ustez.

      GALDERA: Nazio eraikuntza prozesuaz ari zarete. Posible al da prozesu hori aurrera ateratzea alderdien arteko akordiorik gabe?

      ERANTZUNA: Euskal Herrian egin beharrekoa prozesu erreala da. Horretarako, jakin behar da zein indar dauden aurrera egiteko prest, zein esfortzu egiteko prest dauden. Ez ustez prest daudenekin, benetan prest daudenekin baizik. Zintzotasuna da oinarria. 98an abiatutako prozesuak jarraipena izateko heldutasun handiagoa beharko da. Zintzotasun handiagoa ere bai. Marko autonomikoarekin aski duten indarrek argi esan behar dute. ETAk ere argi errepikatuko du ez dagoela ados horrekin eta Euskal Herriaren eskubideak errespetatuak izango diren arte borrokan jarraituko duela.

      Prozesua aurrera ateratzeko ados dauden indarrek lan egitea da beharrezkoa. Eta asko aurreratu daiteke. Baina prozesu guztia ezin da bururaino eraman akordiorik gabe. Eta akordioa alderdien artekoa baino hedatuagoa izan beharko da, gizarte osoaren adostasuna beharko da.

      GALDERA: Inoiz posible izango al da akordio hori?

      ERANTZUNA: ETAk onartuko duen planteamendua gatazkaren alderdi guztiei erantzuna ematen dien planteamendua izango da. Horrek ez du esan nahi ezker abertzaleak esaten duen planteamendua onartu behar denik, baizik eta arazo guztiari bere osotasunean erantzun behar zaiola, modu batez edo bestez, baino arazoari bere globaltasunean erantzun. Erantzun partziala ematen bazaio, gatazkak jarraitu egingo duela aurreikusten dugu. EAJk Ajuria Eneko Itunaren fotokopia berritu bat bideratzen badu, edo Espainiako eta Frantziako estatuek ezker abertzaleari erasotzen dioten bitartean inmobilismoan edo Lizarra-Garaziko itunarekiko inboluzioan jarraitzen badu, marko zatikatzailea berrindartzen badu, gatazka konponbidetik urrunduko da.

      Akordio baterako oztopoa borroka armatua omen da berriro ere. GALDERA sinple batez indargabetzen da aitzakia hori: zertan oinarrituko litzateke akordio politikoa, borroka armaturik ez balego?

      GALDERA: Autodeterminazioa eskubidea dela asumitua dago, baina lurraldetasunarena zein neurritan da eskubidea edo nahiaren araberako hautua?

      ERANTZUNA: Lurraldetasuna errealitatea da. Errealitate zatitua. Autodeterminazio eskubidea herri bati dagokio, eta herri hori Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoa bere baitan hartzen dituen Euskal Herriak osatzen du. Lurraldea herri baten kokaleku fisiko historikoa da. Ezin dira eskubidea eta bere aplikatzeko eremua desberdindu, gatazka berrien hazi txarrak landatu nahi ez badira, behintzat.

      GALDERA: ETA prest egongo al da hiru komunitatetan antolatutako Euskal Herria onartzera?

      ERANTZUNA: Gaur egun Euskal Herria hiru zatitan hautsitako lorontzia da. ETAk eskatzen duena da lorontziaren zatiak elkartzeko aukera erreala izatea. Ezker abertzaleak lorontzi osoa nahi du, eta egituratzeko modu zehatza planteatzen du.

      Gatazka gainditze bidean izango da zatiak bat izateko benetako aukera onartzen den unean. Etorkizunean eta aldi oro Euskal Herriak erabakitzen duen moduan antolatzeko aukera askea izango duen unean. Mekanismo errealak erabaki eta onartzen direnean. Une hori iritsi arte, eta ordutik aurrera ere, ezker abertzaleak sei herrialdeen errealitatea eta Euskal Herriaren eskubide demokratikoen oinarriaren gainean garatuko du bere proiektu politikoa.

      GALDERA: "Borroka armatuak ezinezko egiten du abertzaleen arteko elkarlana", diote EAJk, EAk eta zenbait abertzalek. Zuek, aldiz, diozue hori aitzakia dela abertzaletasunak dituen erronkei aurre ez egiteko. Nola atera ataka honetatik?

      ERANTZUNA: Aitzakia horren azpian borondate txarra ezkutatzen da. Elkarlana garatu ahal izan zen ETAk ekintzak egiten zituenean. Elkarlana garatzeko ezintasuna izan zen ETAren ekintzen etenaldi garaian. Gaur egun ezinezkoa omen da akordiorik lortzea borroka armatua dagoelako. Duela hiru urte ez. Zeintzuk dira aldaketa horren arrazoiak?

      Ataka hori irekitzeko modua Euskal Herriaren eskubideak errespetatu behar direla diotenen arteko akordioan dago. Saio bat egin zen Lizarra-Garaziko itunean. Beste saio bat, sendoagoa, landuagoa, zintzoagoa eta helduagoa egin beharko da. Ez joko taktikoen bidezko saioa, hauteskunde batzuk direla eta, baizik eta argi hitz eginez, norberak zer nahi duen eta noraino joateko gai den lotsarik gabe azalduz, norberaren helburu politikoak eta proiektu politikoak bertan behera utzi gabe, etorkizunean garatzeko aukera zabalik utziko duen akordio gunea landuz.

      GALDERA: Baina gaur egun hori estrategia bat da, jarrera bat da; "ez dago ezer borroka armatua dagoen bitartean", dio ELAk, dio EAJk.

      ERANTZUNA: Borroka armatua aitzakia gisa jartzearekin, Ibarretxe eta EAJ Aznar baino urrunago joan dira. Aitzakia horrekin, lehentasuna ETA eta ezker abertzalea amaitzea dela adierazten dute. Jarrera horrek eta ez borroka armatuak egiten du ezinezko elkarlana, akordioa izatea. Borroka armaturik gabe herri honi eskainiko zaion marko bakarra autonomikoa da. Hori ez da iritzi bat, hori egiaztatuta dago.

      Ezker abertzaleak eskaintzen duen akordio puntua argia da: irtenbidea Euskal Herri osoarentzat, oinarrizko eskubide demokratikoak Euskal Herriko herritar guztientzat, eta aurrez erabakitzea etorkizunean gaur egungo egoera aldatzeko bide demokratikoak. Hori badakite EAJkoek eta ELAkoek. Baina taktizismo garaietan gaude oraindik, heldutasunik gabe. Higadura taktika horren arabera, EAJkoak zoriontsu izanen dira milaka eta milaka boz independentista bereganatu dituztelako. ETAren jarrera ez da aldatuko horregatik, baina gure mezua ere argia da: hauteskundeetan izandako arrakastaren tamainakoa da EAJk bereganatu duen arduraren tamaina ere. Larria izango da boz horiek bahitu eta EAJk Estatuari eskaintzen badizkio.

      GALDERA: Zergatik segitzen du ETAk borroka armatuan?

      ERANTZUNA: Gatazka eragin zuten arrazoiek bere horretan dirautelako. Gatazka gainditzeko gakoak ere lehengo berak dira. Euskal Herriaren eskubide demokratikoak aitortu eta horiek bermatu eta garatzeko tresnak ez dauden bitartean jarraituko du ETAk borroka armatuan.

      GALDERA: Garai batean Espainiako Gobernua behartu nahi zen negoziatzera borroka armatuaren bidez, gero abertzaleen akordioa lortu, EAJ baldintzatu...

      ERANTZUNA: ETAk borroka armatua egiten du Euskal Herria askatzeko, Euskal Herria zanpatzen dutenen aurka, Euskal Herriaren eskubideak errespetatuak izan daitezen. Hori bi modutara gerta daiteke: bata, Espainiak eta Frantziak Euskal Herriaren eskubideak onartuz; bestea, Euskal Herriko eragile eta indarren oinarrizko akordio baten bidez, Lizarra-Garazin egon ez zen heldutasunez, Euskal Herriaren ordezkaritza osatu eta bere izenean gatazkaren konponbidea bideratuz.

      Estatuko botere faktikoekiko negoziazioa, Espainiako Gobernuarekikoa, abertzaleen akordioa, EAJren definizioa… borroka armatuak ondorioz lortzen dituen efektuak dira. ETAk adostasun eta akordiorako betidanik izan duen jarrera zabalaren erakusle direnak, bestalde.

      GALDERA: Zuen jarduera armatua indiskriminatua dela salatu izan dute askok: "Todos estamos amenazados por ETA" asko zabaldu da...

      ERANTZUNA: Hori gezurra da. Aski da ETAk zeren aurka eta zergatik egiten duen begiratzea, indiskriminazio akusazio hori gezurra dela ikusteko. Espainiako botereko sektore oso jakinak daude jopuntuan. PP eta PSOEk Madrilen itun terrorista sinatu zuten unetik, PSOEko zinegotziak ere ETAren ekintzen jopuntu bihurtu ziren, ordu arte ez baitziren. PSOEkoek, Espainiako Gobernura iritsi zirenean, GAL antolatzearekin batera ZEN (Zona Especial Norte) plana sortu zuten, eta plan horretan esaten zen ETAren borroka desprestigiatu behar zela gezurren bidez, hedabideak erabili behar zirela iritzi publikoa aldatzeko oso esapide zehatzen bidez: "la ETA de ahora no es la de antes", "ETA ahora hace cualquier cosa", "no tiene los valores de antes", "ETA nos amenaza a todos", ETAko kide edo arduradun ohien esanak erabili behar zirela horretarako... Nabaria denez, bere lana ondo bete du. Orain PP-PSOE itun terrorista sinatu dute, eta Estatuari bere aparatu errepresiboak aski ez zaizkionez Euskal Herriaren aurkako borroka irabazteko, orain Espainiako gizarteari dei egin dio inplikatu dadin, gatazkaren benetako arrazoiak ezkutatuz. Baina ETAren helburuak Estatuaren botereetako kideak eta gatazkaren arduradunak soilik dira.

      GALDERA: Baina ETAren helburuak gero eta gehiago "zibilak" dira...

      ERANTZUNA: Hori da Estatuak bere aparatuetako zibilak jarri dituelako gatazkaren lehen lerroan. Lehen lozorroan zeudenak aktibatu behar izan ditu, eta "anti-terrorista" lanetan inplikatu ditu gizartea militarizatzen saiatuz. BVE, Guerrilleros de Cristo Rey, Triple A, ATE eta GAL talde militar mozorrotuak indargabetu eta gero, lehendabizi alderdiak jarri zituen lehen lerroan, eta gero bere eskupean gizarte zibilean lanean ari diren beste sektoreak aktibatu ditu.

      GALDERA: Adibide bat: UPNko zinegotzi talde batek keinu bat eginez bere batzorde eragileari Nafarroako presoak Euskal Herrira ekartzeko eskatuko balio, horrek ETAren jokupuntutik kenduko al lituzke?

      ERANTZUNA: Ziur aski, lehenago UPNtik botako lukete. Baina GALDERA baldin bada ETAk desberdintasunik egingo lukeen gatazka demokratikoki konpontzearen aldeko jarrera argia eta jakina duen UPNko zinegotzi edo arduradun baten artean eta gatazka bere horretan mantentzearen alde dagoen UPNko zinegotzi edo arduradun baten artean, ERANTZUNA baiezkoa da. ETAren mezua argia da, Euskal Herriaren zanpaketa bermatu, arrazoitu eta bultzatzen duten arduradunak bere ekintzen helburu dira, lan "politiko" hori indar armatuen eta Estatu oso baten babesean egiten dutelako, Euskal Herrian ez delako egoera demokratikorik egongo gure herriaren oinarrizko eskubideak errespetatzen ez diren artean.

      GALDERA: Hilketa batzuk oso mingarriak izan dira abertzaleen ikuspegitik: Korta enpresaria, Martuteneko eta Loiolako hilketak...

      ERANTZUNA: Heriotza guztiak dira mingarriak, baina ez zaigu bidezkoa iruditzen hipokrisiaz betetako jarrerak agertzea. Azken garaiotan hildakoen artean, ETArentzat mingarria izan zen Boluetan hil zitzaizkigun Patxi Rementeria, Ekain Ruiz, Urko Gerrikagoitia eta Zigor Aranbarri burkideen galera, urte luzeetan jaioterrira itzuli ezinik hil diren Inaxio Aierbe eta Jazinto Goñi burkideen galera, eta ETAren helburu ez ziren Josu Leonet, Jose Angel Santos eta Ramon Diaz herritarren heriotzak.

      Korta enpresa-gizonari dagokionez, Adegiko eta Confebask enpresari taldeen buru izanik, ETAk gatazkaren jarraipenean zuen arduragatik jo zuen haren aurka.

      GALDERA: Irtenbide elkarrizketatuaren aldekoak hiltzea leporatu dizuete askok... Juan Mari Jauregi eta Ernest Lluch hil dituzue azken urte honetan.

      ERANTZUNA: Bi horiek ez ziren irtenbide elkarrizketatuaren aldekoak. Estatuak bai ekiten diola zinez irtenbide elkarrizketatuaren alde dauden aurka. Baina toxikazio poliziala errazegi irensten da. ETAk Jauregiren kontra ekin zion Espainiako Estatuak Gipuzkoan dituen indar armatuen arduradun nagusia izan zelako, CESIDentzat lanean ere ari zen. Lluch PSOEko gobernuan ministro izan zen, "Koroaren ministroa". Jauregi elkarrizketaren aldeko bide bat irekitzen ari omen zen; noren izenean?, noren enkargura?, PSOEren izenean?, PPko gobernuaren izenean? Cesid-en izenean? Eta Lluch ez zen ari Euskal Herriaren gatazkaren konponketa elkarrizketatu baten alde. Zerbaitetan ari bazen, Euskal Herriaren zati bat Espainian modu eraginkorrago batez lotuta mantentzeko kudeakuntzan ariko zen.

      GALDERA: Zinegotzi sozialisten aurkako ekintzak egiten hasi zarete. Lehen PPkoak bakarrik ziren zuen helburua. ERANTZUNA: Madrilen abenduaren 12an PPk eta PSOEk sinatu zuten itun terrorista horren ondorioz bihurtu ziren PSOEko zinegotziak ere ETAren ekintzen helburu. Hori, itun horren sinaketa aztertzen genuen agiriaren bidez eman genuen aditzera.

      GALDERA: Komunikabide eta kazetarien kontrako ekintzek adierazpen askatasuna bete-betean urratzen dutela ez al duzue uste?

      ERANTZUNA: Ez; gure ustez, ez du urratzen adierazpen askatasuna. Alderantziz, sasi-kazetari eta Euskal Herriaren zanpaketaren alde agertzen diren hedabideen aurka ekinez, adierazpen askatasunaren aldeko esparruak irabazten dira. Adierazpen askatasuna eskuratu beharreko eskubidea da oraindik ere.

      GALDERA: Zergatik dira jopuntua?

      ERANTZUNA: Estatuaren eta indar armatu atzerritarren zerbitzuan dauden kazetariz mozorrotutako soldatapekoak dira, eskuz esku ari dira, ez dute kazetaritzaren deontologiarik errespetatzen, gerra eragiten dute. El Correo Español eta El Diario Vasco-ren editorialak irakurtzea besterik ez dago, egunkari horiek Euskal Herrian zer funtzio betetzen duten ikusteko. Horiek ez dute bakerik nahi.

      GALDERA: Santiago Oleagak ez zituen idazten editorialak.

      ERANTZUNA: El Diario Vasco-ko ildo editoriala agintzen duen egiturako kidea zen.

      GALDERA: Chiracek eta Jospinek etorkizuneko Europa gaur egungo estatuen gainean eraikiko dela esaten dute. Zer diozue zuek? Zer aukera dauka Euskal Herria bezalako herri batek?

      ERANTZUNA: Europan nortasun propioz parte hartzeko, bakarra Estatu izatea.

      GALDERA: Nazioartean lan handia egiten ari da Aznarren gobernua. Euskaldun abertzaleek gero eta zailago daukate nazioarteko esparru hori.

      ERANTZUNA: Lan asko egiten ari da Espainia. Euskal Herrian dagoen gatazka ere inoiz baino nazioartekotuagoa dago, Euskal Herriaren kaltean izaten ari bada ere. Europako komunikabide askok beretzat hartu dute PPren mezua: abertzaletasunak hau eta beste egin duela, gutxiengo baten diktadura dagoela, inposaketa egiten dela... Baina emaitzak ikusi eta ohartu behar izan dute gutxiengotzat jotzen zituzten abertzaleak gehiengoa direla Euskal Herrian.

      GALDERA: Zer tresna dute abertzaleek gatazkaren beren bertsioa emateko?

      ERANTZUNA: Oso tresna gutxi, eta bakar bat ere ez Euskal Herri gisa aritzekoa. Hori izan zitekeen Lizarra-Garazi, baina ez zen gaitasunik izan.

      GALDERA: Europan Irlandako gatazka, Korsikakoa… konponbidean daude. Euskal Herria izango da azkena?

      ERANTZUNA: Europan eta munduan gatazka asko dago, armatuak ere bai. Europaren baitako gatazka armatuak gainditu eta Estaturik gabeko herrien egoera konpontzearen aldeko joera nabaria badago, egon. Estatuek eta botere ekonomikoek oposizio armatuak amaitu nahi dituzte. Irtenbide politikoak izan beharko direla jakinaren gainean. Irlandarako eredu bat proposatu da, Korsikarako beste bat lantzen ari dira. Boteredunek ez dute nahi Sobiet Batasunean gertatu zen moduko kutsadura efekturik herrien autodeterminazio eskubidearen inguruan.

      Euskal Herriari dagokionez, Estatuen aldetik ez dago inolako proposamenik. Ez dute beren barne-egituraketa zalantzan jarriko ez lukeen tarteko proposamen irekirik aurkitzen. Espainia Katalunian izango lituzkeen ondorioen beldur da, eta Frantziak ez du zirrikitorik ireki nahi, oraingo egoeran eroso dagoelako.

      Duela hamar urtetik hona Euskal Herriaren eta Espainia eta Frantziaren arteko gatazkaren konponketaren gakoa klabe politiko argian jartzea lortu dugu, Euskal Herriaren eskubide demokratikoen onarpenean. Berriro errepikatzen saiatuko balira ere, "euskal gatazka" ezin da "violentos/demócratas" zatiketa horren arabera ez ulertu ez konpondu. Estatuaren presio handiaren gainetik, ezker abertzaleak asmatu beharko du hurrengo urratsak egiten.

      GALDERA: Stormonteko prozesuaren antzekoa eskainiko baliote ETAri (nazioarteko iritzia Euskal Herriari begira, nazioarteko bitartekariak, nazioarteko begiraleak, potentzia handiak prozesua babesten, bi gobernu inplikatuen konpromisoa...), zer erantzungo luke ETAk?

      ERANTZUNA: Posible al da antzeko prozesu bat Euskal Herrian? Frantziako eta Espainiako gobernuek ba al dute horretarako borondaterik? GALDERAn aipatzen dituzuen baldintzak beteko balira, pentsatu beharko genuke ez gaudela Euskal Herrian. Gure kasuan nazioarteko iritzia badago guri begira, bai lehen eta bai orain; nazioarteko begiraleak ez dituzte ez Frantziak ez Espainiak nahi. Nazioarteko potentzietan eragiteko aukerarik ez daukagu euskaldunok, eta Paris eta Madrilgo gobernuak ez ditugu jarrera horretan. Baina Euskal Herriko eskubideetan oinarrituko litzatekeen prozesu bat irekitzeko eta akordio marko bat lortzeko, ETA beti irekia izan da. Areago, ETA bera da aukera hori mahai gainean jarri duena, Alternatiba Demokratikoa alegia.

      39 GALDERA: Elkarri-k Bake Konferentzia iragarri du abendurako. Zer derizkiozue?

      ERANTZUNA: Elkarri-ren ohiko estiloko muntaia bat dela dirudi. Maniobra politiko hutsa den edo zer den ez dute argitu oraindik. Lehendabizi dirua biltzen hasi dira, hori bai. Zertarako? Iruzur egiten jarraitzeko beste hamar urtez? Bakearena serioegia da Elkarri-ren eskuetan uzteko. Gehiago dirudi Ibarretxe eta EAJren asmo politikoak apaintzeko prestatutako zerbait.

      Besterik da bakearen beharra, elkarrizketa beharra, Euskal Herriaren hitza errespetatzea. Hori ezker abertzalearen borrokari esker gaur egungo kezka eta aterabide gisa agertzen da. Eta ezker abertzaleak bere-berea duen arlo horretan lanean jarraitu behar du, bere interlokuzio gaitasuna landuz, behar den diskrezio eta seriotasunez, ekimenak planteatuz. Eta sortzen direnen aurrean gatazka gainditzeko akordio baterako mami politikoa argi eta garbi planteatuz.

      40 GALDERA: ETAren aldetikako keinu batek ez al luke erraztuko konponketa?

      ERANTZUNA: ETAk jasotzen dituen informazioek eta gatazka armatuen konponketan aditu direnen kontseiluek guztiz alderantzizkoa diote. Alde baten keinu batek, oinarririk gabeko keinu batek, gatazka konpontze bidean jarri beharrean, etorkizunera begira gatazken hazi txarrak landatu besterik ez duela egiten. Horregatik ETAk beti bere urratsak prozesu baten arauera egin ditu, bai 89an Aljerko elkarrizketetan eta baita 98ko Ekimenean. Eta urrats berriak egiten direnean ere prozesu baten baitakoak izanen dira.

      Índice home